XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Mirenek ez ohartua egin eta aurrera jarraitu du tinko, bezeroek utzi dioten pasabide meharretik barrena.

-Ez al du berorrek gurekin ezer hartu nahi? Domingok setati, Mireneren atzealdeari begirik kendu gabe.

Horretan ordea gelditu dira Domingoren sesio-nahiak, Mirene betoskoa agerian duen Veronicaren ondotik pasa eta eskaileretan gora agudo desagertu baita.

Domingok gustura jarraituko zuen zirika, eta Jazintoren mehatxu ezagunagatik ez balitz Mirene ukitzen duena iren duk hemen, gauza handiagoetara pasatuko zen aspaldi.

-Horrela jarraitu, Domingo, eta hik uste baino lehenago hasiko haiz berriro ahuntzetara joaten eransten du Veronicak behialako denborak gogoraraziz.

-Berdin zion, Bero.

-Zakilak ez din begirik.

-Eta beharrik nezesidadeak ere ez buruaz sabaia seinalatuz, bestela goiko horiek aspaldi utziko zioketen hi bezalako astakirtenengana arrimatzeari.

HANDIK HILABETE T'ERDIRA edo, Veronica eta Maurizio sesioan aurkitzen ditugu, beste askotan bezalaxe, noizbehinka komunean eta kantinako beste zoko-mokoetan agertzen diren zizareak direla eta ez direla.

Mauriziok ez du inondik inora onartzen garbitasun faltagatik denik, Veronicak aurpegiratzen dionez, eta eguraldia aipatzen du behin eta berriro guztiaren eragiletzat.

-Beroa, iluna... Ez hasi hire nagusi alperrontzi hori bezala.

-Urteak zeramatzaagu horrela, Maurizio!